Pala
Pala euskal pilota jokoaren aldaera bat da, eta bere izena erabiltzen den tresna edo erremintatik datorkio, horri ere pala deitzen baitzaio. Zurezko tresna hori luzea da, zapala, kirtenean estua, eta beste muturra zabalagoa eta borobildua. Ezker paretako pala modalitatea euskal pilotaren munduan berrienetakoa da, baina aspalditik palaren antzeko zerbait erabiltzen zela adierazten duten aztarnak badira. Margolari ospetsuek, bere garaiko egoerak irudikatu nahian, pala jokoaren inguruan badituzte arte-lanak. Hala nola, Murillok (Sevilla 1617-1682) badu margolan bat ‘Invitación al Juego de Pelota a Pala’ izenburuarekin. Eta, 1779an Francisco de Goya margolariak eginiko tapiz batean (‘Juego de pelota a pala’) joko librean palaz jokatzen ageri zaizkigu pertsonaia batzuk.
Gure herrian lehen aipamena Donostiako Joaquín Ordóñez izeneko apaiz batena da. Honako hau idatzi zuen 1761ean: “hiri honetan dauden dibertimenduetatik, nagusiena eta sustraituena, pilota da, bai palakoa eta eskukoa… eta honela, probintzia osoan pilota joko ospetsuak daude, bai lauzatuak, edo ikusleentzako aulkiak dituzten harmailak dituztenak ere… eta badaude herriak zeinetan hoberena nor den ikusteko bi jokoetara jolasten den, partida gogorrak egiten dira…”
Pala jokoaren aldaera ezberdinak daude pala motaren arabera: paleta handia, gomazko pala, larruzko pala, pala motza eta pala. Plaza irekiko frontoian, trinketean, frontoi motzean edo frontoi luzean joka daiteke. Pilotak ere desberdinak izan daitezke: ohikoenak larruzkoak dira modalitate ezberdinetan, baina gomazkoak ere badaude.
Hemen ohiko pala edo pala luzeko jokoaren ezaugarriak azalduko ditugu.
Ezker paretako frontoi luzean jokatzen da. Pilotariek kasko bat erabiltzen dute segurtasunerako, erremintazko beste hainbat espezialitatetan bezala.
Pala zurezkoa izan behar du, pieza bakarrekoa, estuagoa heldulekuan. Ezin zaio metalezko piezarik edo bestelako zurik erantsi. Palak egiteko zur onena pago zura da, aski gogorra baita, baina ez hauskorra; baina beste edozein egur noblezkoa ere izan daiteke. Hona hemen izan behar dituen neurriak: luzera, gehienez 54,5 cm; zabalera, gehienez 12 cm; eta lodiera 2-4,8 cm tartean. Palaren pisua 850 g ingurukoa izaten da, nahiko pisu badu beraz.
Ohiko palan erabiltzen den pilota larruzkoa da, 108-115 g artean egon behar du eta bere diametroa 6 cm ingurukoa izango da.
Partidak binaka edo buruz buru joka daiteke. Ohikoena bikoteka jokatzea da. Bikote bakoitzean aurrelari bat eta atzelari bat egoten dira. Sakea aurrelariari dagokio. Atera aurretik egiten den punpa frontisetik 40 metrora, 10 koadrotik egin behar da, eta frontisa jo ondoren, 4 koadroaren eta 7 koadroaren artean egin behar du punpa. Gero, errestatzen dagoen bikoteko jokalarietako batek, kantxan bigarren punpa egin aurretik, pilota palaz kolpatuz frontisera jaurtiko du berriro. Pilotak frontisean, ezker paretan nahiz kantxan txapak mugatzen duten eremuan eman behar du. Mugetan dauden txapetako bat ukitzen badu pilotak txartzat ematen da. Eta hala jarraitzen du partidak, 35 puntura iritsi arte buruz-buruko partidetan eta 45era binakakoetan.Euskal Herrian modalitate honen inguruko lehenengo berriak Indalecio Sarasqueta "Eibarko Txikito" (1860-1900) durangarrarengandik datozkigu. Pilota modalitate ezberdinak menderatzen zituen, eta guztietan trebea omen zen. 1877. urtean, palaz, ordura arte modalitate horretan onena zen "Bizimodu"ren kontra jokatutako partidan, garaile atera zen, eta "Karrikaluze"ri ere irabazi zion, orduko onenetakoa hura ere.
Palaren garai modernoaren hasiera bezala XX. mende hasieran (1904) Eraso anaien eta Goikoetxea eta "Abandoko Txikitoren" artean izandako desafioak hartzen dira. Desafio hauek, lehena Bergarako udal frontoian eta bigarrena Bilboko Euskaldunan jokatu ziren.
Palak eman duen pilotaririk onenetako Manolo Iturri, Iturri, izan omen zen. 1942an, Nafarroako iparraldeko Aurizberri-Espinal herrian jaioa, 20 urterekin Bartzelonako Colon frontoian hasi zen palan jokatzen, eta berehala erakutsi zuen bere joko ona. Bartzelona, Madril eta Bilboko frontoietan jokatu zuen eta 25 urtez bere nagusitasuna erakutsi zuen. Pilotari bizitzaren azken urteak Bilboko Deportibon egin zituen, 1993an 46 urterekin erretiratu zen arte.
Gaur egungo pala jokalari hoberenak: Gaubeka, Beldarrain, Urkia, Luján ...
Argazkiak: www.manista.com, www.unavarra.es