Pilota jokoak
Pilota edo pilota jokoa, gaur egun ezagutzen den bezala, Euskal Herrian jaiotako kirola da. Batez ere, Euskal Herrian (Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) jokatu izan da eta jokatzen da. Garai batean Errioxan, Gaztelan eta Aragoin ere jokatu izan zen, baina gaur egun galduxea dago. Euskal Herritik joandako euskaldunek munduan zehar zabaldu zuten gure kirol hau, eta, Ameriketan batez ere, aski ezagunak dira euskal pilotaren zenbait modalitate. Pilota jokoa, izenak dioen bezala, pilota batekin jokatzen den kirola da. Pilotaleku edo frontoi batean jokatzen da, eta, oro har, 2 edo 4 pilotarik (bi taldetan banatuta) txandaka pilota jotzen saiatzen dira. Pilotak lurrean bi bote egin baino lehen jo behar zaio, eta pilota joko eremutik kanpora bota gabe. Jokoaren aldaerak bereizteko, bi alderdi hauek hartzen dira kontuan: pilotaleku mota (plaza hormagabea, horma bakarreko pilotalekua, trinketa...) eta pilota zerekin jo behar den (esku hutsa, pala, xarea...). Jokalariari pilotari deitzen zaio edozein hizkuntzetan.
Jokoaren helburua da aurkariari ahalik eta tanto gehien egitea. Txapelketetan, adinaren arabera arauak pixkatxo bat aldatzen dira: jokalariak adin kategorietan gora egiten duen heinean, sakeko arrastoa atzeratuz doa, eta piloten pisua edo tamaina handituz.
Historian, munduko hainbat eta hainbat zibilizaziok izan dituzte pilota-jokoak, eta ez bat edo beste, asko baizik. Objektu biribil mugikorra egiteko, hainbat gai erabili izan dira: landareetatik ateratako materialak, hainbat eratako zapiak, hariak, larruak, hesteak, gomak. Buruz buruko jokoak izaten ziren, hau da, jokalari bat beste baten kontra aritzen zen.
Pilotan, era askotan jokatu izan da, baina bateratzeko arau batzuk ere ezarri ziren, Hego Amerikan, Ekialde Hurbilean eta Mendebaldeko Europan hain zuzen ere.
Pilota jokoa munduan oso-oso zabalduta zegoen antzina, beraz. Ia toki guztietan aspaldi galdu zen arren, euskaldunek bizirik iraunarazi dute kultura ondasun hori. Beren tokira moldatu dute euskaldunek, eta hainbat xehetasun aldatu: jokalekua, joko arauak, pilota, jotzeko tresnak, eta abar. Ondorioz, euskaldunok pilota deitzen diogun kirol horri, gaur egun euskal pilota esaten diote mundu zabalean.