Boloak
Bola jokoa, esku batekin jaurtitzen den eta lurretik arrastaka joaten den egurrezko bola esferiko batekin, distantzia jakin batera zutik dauden txirloak eraistean datzan jokoa da. Jatorriari dagokionez esan behar da ez dagoela ezer ziurrik, baina joko honen hastapenetan, gizakiaren berezko beharrizan bat legoke, hau da, esperimentatzeko, jokatzeko, gauzak jaurtitzeko, gainerakoekin harremanak edukitzeko beharrizana eta, azken finean, norberaren esparru ludikoa garatzeko gogoa. Aditu batzuek esaten dute K.a. 5000 urtean Egipton bolo jokoan egiten zutela, hain zuzen ere figura batzuk aurkitu zituztelako Nagadako nekropolian. Beste autore batzuk diote bola jatorria Greziako kultura helenikoan edo Erromakoan dagoela. Hori baieztatzeko adierazten dute K.a. 3000 urtean bola jokoa aipatzen dela Pergamoko Oribaso medikuaren idazkietan. Gure Telesforo de Aranzadik, aldiz, jatorria zeltikoa zela zioen. Ez dakigu gizakiak lehen aldiz non eta nola hasi ziren bolo jokoaren antzeko jokoren bat jokatzen, baina argi dago oso antzinakoa dela.
Euskal Herrian, 1571n Lekeitioko udalak, Bizkaian, eta 1632an Ullibarri-Jauregiko udalak, Araban, ezartzen dituzten debeku batzuetan bolo jokoa aipatzen da. Ordutik aurrera aipamenak ugariak dira XX. menderaino. Antzina oso zabalduta eta erabat ezaguna zen jokoa zen, ia pilota bezain ezagun eta arrakastatsua.
Jokoaren aldaera asko dira Euskal Herrian. Jokoa arruntagoa izan da Hegoaldean azken mendeetan, bereziki Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta maila apalago batean Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Euskal Herrian jokatzen diren aldaeretan, txirloen forma, kopurua eta kokapena aldatzen dira, hala nola bolaren forma, tamaina eta pisua, eta bolatokiaren trazadura ere.
Bertakoak diren aldaerak honako hauek dira: Aiararra, Ameskoako jokoa, Arabar bola jokoa, Aramaioko hiru txirlo, Araozko bola jokoa, Bederatziko joko gobiarandarra, Bederatzi txirlo jokoa, Berantevillako hiruko jokoa, Bermeoko bola jokoa, Ea aldekoa, Erremonte barrundiarra, Erriberako hiruko jokoa, Errioxako jokoa, Eskuzulo, Gesaltzako bola, Hiru oholtzar, Kanaleko hiru txirlo, Katxete, Oholtzar pasaboloa, Olazabalgo bola jokoa, Oñatiko sei txirlo, Zabaleko hiru txirlo, Berrizeko hiru txirlo, Zeanuriko bola jokoa, Zornotza aldeko jokoa, Munadun erremontea
Bolak gehienetan hiru motatakoak dira: hiru zulokoak, esku zulokoak eta esku-azpikoak.
Hiru zuloko bolek hiru atzamar sartzeko hiruna zulo izaten dituzte. Hedadura geografiko zabalena duen modalitatea da hau, Gipuzkoako mendebaldea, Bizkaiko zatirik handiena eta Arabako iparraldea barne hartuta.
Esku zulokoek bi zulo izaten dituzte, batean atzamar lodia eta bestean eskuko gainerako atzamarrak sartzeko balio dutenak. Gipuzkoarra da berez.
Esku-azpikoek ez dute inolako zulorik; eta, aurreko bi motak baino arinagoak izanik, esku-azpiaren gainean jarrita jaurtitzen dira. Ohizkoa Araban eta Errioxa guztian, bola beste kasuetan baino arinagoa da.
Bolak haritza, arte, zumar edo gorosti egurrez eginak izan ohi dira, eta aldaeraren arabera tamaina eta pisua oso ezberdina izan ditzakete. Hala nola, Arabako jokoan bolak 2,1-2,5 kg inguru izaten ditu, Zeanurikoak 7 kg, Zornotzakoak 10-12kg, eta Aiararrean 8–14 kg artean egon daiteke. Tamainari dagokionez, Arabakoak 16–17 cm-ko diametroa du, eta Aiarakoa, aldiz, handiagoa da, 28–30 cm inguruko diametroa izan dezake eta.
Txriloak bolarekin jo behar diren egurrezko zutabetxoak dira, eta aldaeraren arabera tamaina ezberdinak izaten dituzte. Erautsi behar diren txirlo kopurua ere asko aldatzen da; gutxienez 3 izaten dira eta gehienez 10, aldaeraren arabera.
Bolatokiari dagokionez ere, badago aldea aldaera batetik bestera. Tamaina aldetik, adibidez: Oholtzar pasaboloan 64 metroko luzera du, Arabakoan 30 m, eta Aramaiokoa 8-10 m.
Hemen Arabako bolo jokoa azalduko dugu zehaztasun handiagoz, joko honen hedadura nahiko zabal da eta.
Arabar bolo jokoa garai batean (dioten arabera XVII. mendetik aurrera) Araba osoan zehar oso zabalduta zegoen herriko joko bat da. Ia herri guztiek (Gasteiz barne) zuten bolatokia: herriko plazan edo eliza ondoan kokatuta zegoen; normalean kanpoan, aterperik gabe eta lurrean bertan eginak ziren.
Joko honen jarduera neurri handi batean galdu bazen ere, inoiz ez da erabat desagertu, are gehiago, egun, berreskuratzen ari da pixkanaka jokatzeko ohitura: Hainbat lekutan bolatokiak berritu eta estali dituzte, txapelketak urtero antolatzen dira, etab.
Bolatokiak 30 metro luze eta 2 metro zabal ditu (behin-betiko arautegia 1995ean argitaratu zen arren, neurriak ez dira izaten oso zehatzak). Erdi-erdian zurezko taula bat dago, aipatutako luzeraz eta 20 zentimetroko zabaleraz.
Bola haritz egurrezkoa izaten da, amerikar bolatokiena baino txikiagoa, baina nahiko pisutsua (2,5 kg gutxi gorabehera), eta ez du inolako zulorik izan behar.
Boloak edo txirloak ere egurrezkoak dira eta 30 zentimetroko altuera izaten dute. Txirloetako hiru berdintsuak dira (medio, karrakaeta guarda deritze), eta bestea, kantoia deritzona, zertxobait lodiagoa. Lau txirloak hirukia osatuz jartzen dira, lurrean finko dauden oinarri batzuen gainean: aurrean eta erdialdean kantoia, bere izena esaten duen bezala, bolariak hurbilen izango duen erpina izango dena. Metro eta erdi edo atzerago, ezkerraldean medio txirloa kokatzen da, eta mediotik beste metro eta erdi atzerago beste bi boloak daude: karraka eskuinaldeko erpinean eta guarda ezkerrekoan.
Arauak
Bola jaurtitzeko unean parra izeneko taula gainean kokatu behar da jokalaria. Parra azken batean seinale bat baino ez da, zenbateko distantziaz bota behar den jakiteko (1,40 m). Ez da beharrezkoa jaurtitzeko unean bi oinak parra gainean edukitzea; izan ere, azken unean pauso bat aurrera ematen da, beti ere, oin bat parra gainean utziz.
Bola jaurtiki, eta taularen luzera osoa zeharkatuz eratutako “v” honen aurreko erpinean dagoen txirloa bota behar da lehenengoa; hau da, kantoia bota ezean, jaurtiketan zero puntu lortuko lirateke, bolen argotean zula bota dugula esango genuke.
Kantoia botaz gero, izan daiteke beste jokaldi hobea izatea, esaterako, kantoia erdiko boloa jo eta erorarazi: honela bi puntu lortuko lirateke. Ertzetako txirloren bat ere eroriz gero hiru puntu lirateke; edo guztiak, lau txirloak erortzen badira, lau puntuko jokaldia lortuko litzateke.
Bola batez lau txirloko jokaldia egitea zaila eta ezohikoa da. Kontuan hartu behar da ondoko araua: bolak hormaren kontra errebotatu ondoren txirloren bat jotzen badu, eroritako txirloa ez da kontuan hartuko. Aitzitik, hormaren kontra txirloren bat errebotearen eraginez eroritako txirloak kontagarriak izango dira.
Jokaldi ez-ofizialetan (lagun artekoak, herriko txapelketak, etab), parte hartuko duten bolariek zehaztu ohi dituzte jokaldi horretarako zenbait irizpide, partida aurretik: banaka edo taldeka jokatuko den, txanda bakoitzean zenbat bola botako duen bolari bakoitzak (normalean 2 edo 3) eta zenbat txandatan.
Pasada edo txanda bakoitzean zenbat bola jaurtiko duten erabaki ondoren (normalean bi edo hiru), zenbat diru apustu egingo duten ere zehazten dute. Hau da, zenbatekoa izango den pasada. Dirua jokatu aurretik jartzen da, eta jokaldia lehen azaldu bezala egingo dute, irabazleak bildutako dirua eraman arte. Honenbestez bakoitzaren esku dago partida noiz bukatu. Pasada berri bakoitzaren hasieran jokalari berriek ere, dirua jarri, eta parte hartu dezakete, izan ere, bolarien kopuruak ez du mugarik. Apustutako dirua ere nahi adina izan daiteke, lehenik adostutako nahi adina.
Ikusleen artean ere izan daitezke apustuak, esaterako: “baietz kantoia erori” edo “ezetz kantoia erori”.
Txapelketa ofizial ezagunenak hauexek dira: “Herrien artekoa”, “Foru Aldundiko Txapelketa” eta kuadrillako edo zonalde bereko herrien arteko txapelketak. Taldeak Arabako herri desberdinetan eratzen dira, taldeak nahi adina bolari izan dezaketen arren, eguneko topaketan 6 bolari baino ez dute parte hartuko. Txanda bakoitzean hiruna bola botatzen dituzte bolariek, bi txanda daudenez gero, seina bola guztira, probatan botatakoak kontuan hartu gabe (bolariek hiruna bola bota ditzakete probatzeko, jokaldia hasi baino lehen).
Bolo jokoaren aldaera ezberdinen zehaztasun gehiago http://eu.wikipedia.org/wiki/Bola_joko