Antzar jokoa
Antzar jokoa, txalupa batean edo zaldi gainean doan jokalariak, soka batean hanketatik zintzilik dagoen antzar bati burua kentzean datza. Jatorria ez dakigu zein den, baina, antzekotasuna badu Erdi Aroan zaldiekin egiten ziren jokoekin; hala nola, zinta jokoarekin. Antzekotasun hau kontuan izanda, eta, zaldizko modalitatea, leku gehiagotan egin izan dela kontuan izanda, baliteke, portuan egiten dena zaldiz egiten denaren ondorengo egokitzapen bat izatea. Dena den, gaur egun, ospetsuena Lekeitiokoa da, eta datu historiko gehien dituguna ere berau da. Datozkigun lehen aztarnak Lekeitioko artxibategikoak dira. 1631n, Amabirginaren eguneko jairako antzar batzuen erosketa aipatzen da. Egun portuko uretan egiten bada ere, 1722ra arte, antzara-jokoa herriko plazan egiten omen zen, Euskal Herriko beste hainbat lekutan gaur egun ere egiten den modura, zaldiak erabiliz.Historikoki beste leku batzuetan ere antzarrak ur gainean korritzen zituztela aipatzen da. Manuel de Larramendik (1690-1766) esate baterako, Gipuzkoako Pasaia herrian egiten zutela dio.Zaldi gainean egiten denak Iparraldean tradizio handia dauka, eta Hegoaldean Markina-Xemeinen ere badago ohitura.
Bi modalitate ditugu, beraz, Antzar jokoan: jokalaria portuan txalupaz doanean, eta zaldiz doanean.
Antzar jokoa txalupaz.Jokalaria, lagun taldearekin txalupa batean, antzara zintzilika dagoen sokarantz bideratzen da. Antzararen azpitik pasatzerakoan, hegaztiari lepotik indarrez heltzen dio eta zintzilik gelditzen da, txalupa aurrera doan bitartean. Helburua antzarrari burua kentzea da. Eginkizun hau gaitzagoa egiteko, soka tenkatuz eta laxatuz, gora eta behera mugiarazteko dute, ibaiaren ertz batean dagoen lagun talde batek, sokatiran arituko bailiran. Jokalaria, antzarraren buruari gogor helduta, aldian uretan ‘plast’ eta aldian airera salto, panpina bat bezala ibiltzen dute, antzarari lepoa eten arte edo jokalariari eskuetatik ihes egiten dion arte. Buru gehien lortzen dituen taldeak, edo jokalariak, irabazten du.
Gaur egun, Ondarroan, abuztuko herriko jaietan, eta Lekeition, irailaren 5ean jokatzen da. Ondarroan soka ibaiaren alde batetik bestera jartzen dute, eta, Lekeition, portuan bertan.
Lehen antzara bizirik zintzilikatzen zen, baina, orain, aberearen sufrimendua saihesteko, antzara hilda zintzilikatzen da Lekeition, eta Ondarroan gomazko antzarekin jokatzen dute.
Antzar jokoa zaldiz.Herriko plazan edo kale batean jokatu ohi da zaldiz doanean jokalaria. Antzara, kosta egiten den modura, soka batetik zintzilik jartzen da, baina ez da gora eta behera mugitzen, geldirik dago bere lekuan. Lepoa kentzeko, parte-hartzaileak, zaldi gainean antzararen azpitik behin igaroz, eskua luzatu eta burutik egiten dio tira antzarari. Biriatun, antzara azpitik igarotzen den lehen parte-hartzaileari erregea deritzo eta ezpatarekin jotzen du hegaztia, ondorengo jokalariek errazago eduki dezaten antzararen burua lortzea. Lehorreko aldaera hau, Sara, Zuraide, Biriatu, Ainhoa, Ahetze eta Urruñako auzoa den Oletan egiten da jaietan, eta Markina-Xemeinen, inauterietan. Ermuan eta Gernikan, aldiz, antzaren ordez oilarrak erabiltzen dituzte. Antzar jokoaren modalitate honek barne aldeko herri askotan izan du tradizioa, Nafarroako Lakuntzan, besteak beste. Modalitate honen antzekoa zintza-jokoa zen; Erdi Arako torneoetan oinarritutako jokoa. Hemen ere jokalaria zaldi gainean doa, eta antzararen lepoa hartu beharrean, soka batetik zintzilik dagoen zinta bat hartu behar dute. Zintak beheko muturrari lotuta uztaitxo bat izaten du agerian. Jokalariak, zintaren azpitik pasatzean ezpatatxo bat edo ziri bat uztaitik sartu eta zinta askatu behar du. Zinta gehien lortzen dituenak irabazten du. Zaldia beharrean, astoa ere erabili izanda joko hau egiteko. Gaur egun, nahiko desagertua dago joko hau; herriko jai batzuetan umeentzako bizikleta erabiliz egiten den aldaera bat egiten bada ere.