Ingude altxatzea
Ingude altxatzea, burdinazko ingude bat, altuera jakin batera halik eta aldi gehinetan altxatzean datza kirol hau. Beste herri kirol modalitate gehienetan gertatzen den antzera lanbide batean du jatorria, burdin lanketan. Hau da, burdinoletan erabiltzen zen ingudea da altxa behar den elementua. Lanbide honetan ingudea altxatzea ez da aurrera eramaten den jardun bat, baina euskaldunak beti izan dira apustu zale eta erronka zale, beraz, burdinola inguruetan sortutako desafioetatik datorkigu kirol hau.
Lehiaketetan erabiltzen den ingudea ez da benetakoa, lehiarako eraldatutako ingude bat da. T itxurako burdinazko pieza honek hiru mutur ditu: bi helduleku eta punta. Puntatik oinarrira 32 cm ditu eta zabalera 60 cm.
Heldulekuak lauak izaten dira, eta gutxienez 16 cm izan behar dituzte. 18 Kg izaten ditu gizonezkoen txapelketetan eta 10 kg emakumezkoetan.
Oinarria goiko txaparekiko paralelo egon behar du, eta elorriondo egurrezko laukizuzen trinko bat izaten da, altzairuzko txapa batez estalia.
Goiko xafla, bisera deitua, txapa laukizuzena izaten da. Zutoin batean sostengatzen da atze aldean, eta bisera kokatzen den altuera erregulatu daiteke. Froga hasi aurretik, epaileek kirolaria neurtu, eta goiko txapa, buru gainetik 30 cm-ra kokatzen dute.Ekitaldia 1,50 minututakoa da, gizonen zein emakumeen txapelketetan. Altxaldia baliozkotzat jotzeko, ingudeak bai oinarria, bai goiko xafla jo beharko ditu. Altxaldia ontzat goiko xafla jo ondoren emango da. Kirol azkarra eta bizia da, ia segundoro jasoaldi bat egiten baita; marka onenak 1,5 minututan 90 jasoalditik gorakoa dira eta. Adituek diotenez, altuera txikiagoa duten kirolariek abantaila dute. Gorputz osoaren mugimendua ongi koordinatzea oso garrantzitsua da, gerria zuzen edukiz eta besoak erabiliz azken momentuan. Erritmo bat hartzea komeni da, eta inportantea izaten da ingudeak oinarrian kolpatzean egiten duen bote txiki hori gorantz indarra egiteko aprobetxatzea .