Artzain-txakurren lehiaketa

Artzain-txakurren lehiaketa, artzain baten aginduak jarraitzen dituen txakurrak artaldea gidatzeko duen trebezia neurtzen den euskal jokoa da. Herri kirolen antzera, lehia hau artzaintza lanbidetik datorkigu. Euskal artzainek, goi larreetan artaldeak zaintzen zituzten bitartean, artzain txakurren trebeziak neurtu nahian egiten zituzten apustuetatik sortutako jokoa dugu berau. Euskal Herrian, Neolito garaian (k.a. 4000 urtetik aurrera) sortu zen artzaintza. Euskaldunak orduraino ehiztari-biltzaile izan ziren, eta garai horretan artzain eta laborari bilakatu ziren. Ordutik aurrera artzaintza Euskal Herrian bizibide garrantzitsua bilakatu zen. Kopuru handieneko abereak ardiak eta ahuntzak ziren. Zakurra ere garai horretan hezia izan bide zen, jendearen lagun bilakatuz. Gizakia, zakurra eta ardia, artzaintzak ardatz duen hirukote bana ezin hau, antzinakoa dugu beraz.Euskal Herrian, araututako artzain txakurren txapelketak 1955 urtean hasi ziren Oñatin. Mendizale oñatiar batzuk, euskal goi larretan txakur hauek erakusten zuten trebeziaz ohartuta, eta Katalunian honelako lehiaketak bazirela jakinda, lehen txapelketa antolatzen ausartu ziren.

Txakurra

Nahiz eta, gaur egun, arraza ezberdinekin lan egiten den, euskal artzainek aspalditik zakur mota berezi bat erabili izan dute, eta berau da lehiaketetan gehien erabiltzen dena. Haitzuloetan aurkitutako historiaurreko aztarnetan zakur mota honen hezurrak topatu izan dira. Iparraldean Labrit eta Hegoaldean artzan txakurra deitu izan zaio. Gaur egun, Euskal artzain txakurra arraza berezi legez aitortua dago (1995etaik). Bi mota daude: Gorbeiakoa eta Iletsua. Tamaina ertaineko zakurrak dira: 18-36 kiloko pisua eta 47-61 zentimetroko altuera. Gorbeiakoan gehien agertzen dena kolore su–gorria eta ilehoria da, eta muturrean orbanak izaten ditu maiz. Iletsua barietateak hondar kolore edo hori–gorria izan dezake. Beste ezaugarri morfologiko berezi batzuk, honako hauek dira: atzeko hanka bakoitzean sarritan hatz bat edo bi atrofiatu (ezproina) edukitzea, eta, muturrean mukosa beltzak eta bizar–lekuan (kokotsean) ile luzerik eta ugaririk ez edukitzea. Izaera aldetik, Gorbeiakoa ziurra eta orekatua da, eta Iletsua bere lurraldearen zaindari zuhurra eta nagusiarekiko fideltasun osoa duena. Biek ala biek, arinak, bizkorrak eta azkarrak dira, eta artzaintzarako dohain berezia dute.

Ardiak

Ardi latxa Euskal Herriko bertako ardi mota bat da. Ardi latxaren bi mota daude, egun bi arraza ezberdintzat jotzen direnak, ardi latxa muturbeltza eta ardi latxa mutur-gorria. Ardi hauei "latxa" izena, dirudienez, daukaten ilea oso latza zelako eman zitzaien. Antzinekoak dira oso, eta, gaur egun arte, jatorrizko ezaugarriak mantentzeko arrazoietako bat, kanpoko edozein arraza inportatzea debekatuta egon zelako omen da. Ile luzea, latza eta koipetsua du, Euskal Herriko klimarako egokia. Berak ematen duen esneaz egindako gazta (Idiazabal jatorrikoa) oso preziatua da.Lehiaketa Artzain txakurraren trebezia neurtzen den froga-lekua 70 x 50 m inguruko zelai bat da, eta bertan daude, txakurrak egin behar dituen ariketak burutzeko beharrezko hesi eta eskortak.

Artaldea 20 ardi ingurukoa izaten da.

Artzaina, edo hobeto esanda, txakurraren nagusia, epaimahaiaren ondoan kokatzen da artaldea gidatzeko, bere keinu, txistu eta oihuekin; eta ezin du bertatik mugitu. Txakurra artzainaren ondotik abiatzen da, eta bi ariketa egin behar izaten ditu. Ariketa hauek antzekoak izaten dira beti, baina lekuan lekuko aldaketatxo batzuk izan ditzakete. Guk, Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakurren Lehiaketan txakurrek egin behar dituzten bi ariketak deskribatuko ditugu.

Lehenengo ariketa:

Txakurra artzainaren ondotik atera (1), zubia gurutzatu (2), eta froga zelaia inguratuz, goiko aldean dauden bi banderatxo bikotek mugatzen duten pasabide batetik igarotzen da (4), artaldearengana (5) iristen den arte. Ibilbide horretan, epailariek esandakoan, artzainak txakurra geldiarazi egin behar du, pare bat aldiz.

Jarraian, txakurrak artaldea erdiko hesi-tartetik (4 metroko ataka) pasaraziz (6), artzainaren ondoan dagoen makil baten ingurura eramango ditu (7). Hor, artaldea bilduta, geldirik egon behar dute txakurra naiz ardiak, epaimahaikideek balezkoa dela adierazi arte. Ondoren, epaimahaiak adieraziko du ariketaren azken froga eskuin aldera edo ezker aldera egin. Jarraian, txakurrak eskuineko edo ezkerreko hesi-tartetik (8) pasaraziko du artaldea. Hesi-tarte honek 2 metro inguru izaten ditu, eta parean beste hesitxo bat du, bidea zuzena oztopatzeko. Hau guztia egiteko sei minutu izango ditu.

  • Bigarren ariketa:

Txakurra artzainaren ondotik atera (1), zubia gurutzatu (2), eta ibaiaren beste aldean artzainaren parean pausatuko da (7). Ondoren, eskuineko banderatxo sortak sortzen duen pasabidetik (3) igaro beharko du ardiengana (5) joan aurretik.

Gero, artaldea hartu, eta erdian dagoen eskortan (9) sartuko ditu ardiak. Epaileek, artalde osoa barnean dagoela onartu ondoren, bertatik atera behar ditu zakarkeriarik gabe. Eskortak 8 metro diametroa eta 2,5 metro inguruko ataka izaten du. Hau guztia egiteko zazpi minutu izango ditu.

Lehen ariketan nahiz bigarrenean, ardiren bat ez bada hesi-tartetik pasatzen edo eskortara ez bada sartzen, puntuak kentzen dira.

Txakurrak ardiei hozka eginez gero puntuak kentzen dira. Ariketa batean hiru aldiz haginkada ematen badu edo bi ariketetan lau aldiz, lehiaketatik kanporatzen da.

Lehiaketetan zakur ospetsuak

  • Cataluniako, Espainiako eta Frantziako txakurrak lehiaketan parte hartzen badute era gehienetan euskal txakurrek irabazten dute. Jada mende erdia duen Oñatiko lehiaketa honetan izan diren txakur txapeldun batzuk:Lagun txakurrak, 1958, 1959, 1960 eta 1961 urteetan irabazi zuen. Amurrioko (Araba) Justo Furundarenarena.
  • Riki txakurrak, 1968, 1969 eta 1970 urteetan irabazi zuen. Mañariko (Bizkaia) Serafin Etxenoberena.
  • Bizkor txakurrak, 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2009 urteetan irabazi zuen. Illarduiako (Araba) Jose Maria Jauregirena.
  • Ttiki txakurrak, 2010 eta 2011 urteetan irabazi du. Aresoko (Nafarroa) Antonio Alustizarena.