Palanka jaurtiketa
Palanka jaurtiketa edo euskal barra jaurtiketa antzina asko praktikatzen herri kirol bat da.
Herri kirol honen xedea palanka izenaz ezagutzen den barra metalikoa ahalik eta urrunen jaurtitzea da, eta bertan parte hartzen duen kirolaria palankari izenaz ezagutzen da.
Palanka jaurtiketaren jatorria meatzaritzan dago. Harrobietako lan-tresna zen, eta langileen denbora pasa gogokoena, beraien denbora libre eskasean, palanka hauek ahalik eta urrunen jaurtitzea zen. XV. mendean, indarra neurtzeko ariketa espontaneo gisa entzute handia izan zuen, baita dibertsio modura ere. Lurralde bakoitzean bertako ezaugarri edo lanbideen berezitasunen arabera praktikatzen zen. Bere jatorria bi lurralde geografiko eta etnografiko desberdinetan finkatzen da: euskal-nafartarra eta gaztela-aragoitarra. Euskal Herrian, Palanka Jaurtiketa edo Euskal Barra Jaurtiketa izena hartu zuen. XVIII. mendean, palanka jaurtiketa, euskal probintzia guztietan praktikatzen zen. Bere praktika XIX. mendean zehar gutxituz joan zen, Gipuzkoako toki batzuetan (Oiartzun, Errezil, Gaztelu, Azpeitia) indarrez irauten zuen arren, XX. mendeko bigarren herenean bere ohiko praktika desagertu zen arte. Gaur egun, ordea, ia guztiz desagerturik dagoela esan daiteke, eta noizbehinkako txapelketa edo erakustaldiei esker bizirik dirau.
Palankak zuziri itxura dauka barra metalikoa da, eta bere pisuaren gehiengoa diametro handiagoa duen barraren puntan kontzentratzen da. Gizonezkoen palankak 3.5kg pisatzen ditu, eta guztira 1.5m-tako luzera du. Emakumezkoen palankak, ordea, 2.5kg pisatzen ditu 1,30m-tako luzera du. Jaurtitzeko lekuak hasiera batean zelaiak ziren, baina, gaur egun, zelaiak, futbol zelaiak edota hondartza izan daitezke.
Palanka jaurti aurretik, jaurtitzaileak urez edota olioz bustitzen dute eskuan hobeto irristatzeko.
Euskal barra jaurtiketaren berezitasun nagusiena, palanka jaurti aurretik, biraketa mugimenduen bidez, barrak errotazio indarra hartzen duela da.
Hiru jaurtiketa mota daude: bularrez, biraka eta ankape. Lehenengo bietan, besoa luzatuta, barra erdi aldetik heltzen da, mutur pisutsuena goran dela. Bularrez moduan, kirolariak ezkerreko hankarekin marra ukitzen duela, eta eskumakoa atzera kokatuta. Besoarekin zirkulu erdi bat eginez indarra hartzen du jaurtitzeko. Biraka modalitatean, jokalaria hamar bat metrotik abiatzen da, barrari birak emanez indarra hartuz, eta marrara iristean jaurtitzen du. Sei zortzi bat bira ematen dizkio barra askatu aurretik. Ankape eran, kirolaria marratik metro batera kokatzen da hanka zabalik, eta barra aurrera eta atzera mugitzen du indarra hartzeko. Jaurtitzeko garaian, hanka bat aurreratu eta barra indarrez askatzen du.
Jaurtiketa balezkoa izateko, barrak lurra jotzean, mutur pisutsuenarekin iritsi behar du.
Felix Erauzkinek, jaurtiketetan espezializatutako atleta bizkaitarrak, 1956an Montjuic-en, atletismoko mundua asaldatu zuen 48 urterekin xabalina jaurtitzeko teknika berritzaile batekin: xabalina, palanka jaurtitzeko erabiltzen zen teknika erabiliz jaurtitzea burutu zitzaion, xabalinari biraketak inprimatuz. Xabalina jaurtitzeko teknika berriarekin, 74,32m-tako jaurtiketarekin Espainiako xabalina jaurtiketako errekorra hautsi zuen.
Felix Erauzkinek 1957ko apirilak 7an, Gasteizen egindako erakustaldi batean, 94,50m-tako jaurtiketa egin zuen. Baina jaurtiketa mota honekin markarik hoberena Miguel de la Quadra Salcedok lortu zuen, xabalina 112,30m-tara bidali baitzuen, xabalina jaurtiketan inoiz lortu den distantziarik luzeena.
Argazkiak:
Ramos Jesús, Sagüés Xabier: Aintzinako Euskal Herriko Bizimodua Postal Irudietan. Ortzadar, Iruñea. 1999