Estropadak

Traineruekin egiten den estropada, itsasoan jokatzen den arraunketako herri kirol bat da; sustraiak Euskal Herrian dituen herri kirol berezia. Traineru kopuru batek, launakako txandatan banatuta, distantzia jakin batean elkarren arteko lasterketa bat egiten dute. Estropada irabazten duenak bandera bat jasotzen du saritzat. Ia herri kirol guztiak bezala, estropadak ere garai bateko eguneroko lanean oinarritzen dira.

Jatorria

Euskal Herrian aspalditik arrantzak garrantzi handia izan du euskaldunen bizimoduan. Bai Bizkaiko golkoan bertan arrantza eginez eta baita ere itsaso urrunetara joanez.

Zenbait artxibotan jasotako datuen arabera, XVI. mendean erabiltzen ziren ontziak (arrantza motaren arabera) egungo traineruen parekoak izan zitezkeen (10-14 edo 4-5 marinel). Alturako arrantzan erabiltzen ziren ontziek 34 oineko gila zuten, 36ko eslora, 8,5eko erruna eta 3,5eko puntala. Arraunez eta belaz ibiltzen ziren.

XIX. mendean euskal itsasbazterrean hiru ontzi mota erabiltzen ziren arrantzarako: legatza bezalako alturako espezieentzat "kalera" deituriko batel handiak; antxoa eta sardinaren arrantzarako traineruak, eta kostaldeko espezieentzako batel txikiak. Arrantzarako erabiltzen zen trainerutik sortu ziren estropadak. Traineruak azkarra izan behar zuen arrain-sardara iritsi, sarea bota eta azkar biratuz arrainak harrapatzeko. Ondoren ahalik eta azkarren itzuli behar zen portura, ahal zen preziorik hoberenean saltzeko. Horregatik arrantzaleek eta arotzek ontzi arin eta azkarra egin zuten, egonkortasuna gutxiagotu arren. Herri kiroletan ohikoa den bezala, lehen estropadak desafio baten bidez sortu ziren: bi ontzitako arraunlariak aurka jartzen dira, dirua edo beste zerbait jokatzen dute, eta puntu batera lehenengo iristen denak irabaziko du.

Arrantzaleen arteko estropadak antzinatik jokatzen zirela jakin badakigun arren, dokumentaturik dugun zaharrena 1547. urtekoa da. Dokumentu horretan ageri da nola Elantxobeko eta Bermeoko marinelak liskarretan zeuden balea baten jabegoa zela eta. Hori argitze aldera, estropada bat jokatzea erabaki zuten, garaileak balea sari gisa eskuratu zezan.

Iritsi zaigun beste desafio bat Bermeotarrak eta Mundakarrak Izaro irlara egin zutena da. Aspaldian omen zenbiltza liskarrean irlaren jabetza dela eta. Horrela bada, traineru desafio baten bidez ebatzi zuten Izaro irlaren jabetza 1719ko uztailaren 22an. Bermeoko trainerua iritsi zen lehena, eta ordutik aurrera beraiek daukate jabetza.

Geroztik, beste hainbat desafioren berri izan dugu: 1854an Ondarrutarren eta Lekeitiarren artekoa; 1871n Hondarribia eta Pasaiako bi traineruren artean, e.a.

Trainerua 1916 arte arrantzarako erabiltzen ziren traineru berdinak erabiltzen ziren lehiarako, baina urte honetan Vicente Olazabalek Mutrikun traineru berezia eraiki zuen. Ontzia estilizatuagoa zen eta 400 kg zituen. Arrantzarako arraun traineruak baztertzen ari ziren garai hauetan, lehiarako bereziak eraikitzen hasi ziren.

Ontziaren hezurdura eraikitzeko haritza erabiltzen zen eta kanpo aldea iparraldeko pinuz estaltzen zen iltze galbanizatuekin. Gaur egun, lehiaketan ez da egurrezko trainerurik erabiltzen. Material berriek eta arinagoek ordezkatu dute. Aeronautika teknikak erabiliz eraikitzen dituzte, eta material ohikoenak karbono zuntza eta kevlarra dira. Garai bateko arraunak ere zurezkoaz ziren, baina traineruarekin gertatu den bezala, forma antzekoa bada ere, materiala aldatu egin da, eta orain karbono zuntzezkoak dira, askoz arinagoak.

Traineruaren atal nagusienak hauek dira:

Branka: Itsasontziaren aurrealdea.

Popa: Itsasontzien atzealdea.

Karela: Itsasontzietan, albo bakoitzaren goialdea edo goiko ertza.

Korasta: Gila sendotzeko ontziek txopan eta brankan duten pieza metalikoa.

Tosta: Txalupetan istriborretik ababorrera doan ohol horizontal finkoa. Arraunlariak bertan esertzen dira.

Toleta: Arraunari eusteko karelean jartzen den zutikako ziri zilindrikoa.

Estropu: Arrauna toletean lotzeko erabiltzen den sokaz eginiko uztai txikia.

Traineruak 12 metroko luzera, eta 1,72 metroko zabalera izan behar ditu. Bere pisuak ezin du 200 kilo baino gutxiagokoa izan.

Tradizioz, traineru lehiaketa da ohikoena, baina, gaur egun, batela eta trainerillen lehiaketak ere arautuak daude.

Honako taula honetan azaltzen dira lehiaketan modu ofizialean erabiltzen diren 3 ontzi motak:

Tripulazioa Trainerua hamahiru arraunlari eta lemazain batek osatzen dute. Guztira zazpi tosta ditu, eta arraunlariak, binaka, sei lerrotan kokatzen dira, eta beste bat bakarrik joaten da brankan. Tosta berean doazen arraunlariek batak ababor eta besteak istriborrera egiten du arraun, guztiak popara begira. Lemazaina popan jartzen da brankara begiratuz, zutik normalean, eta bere eginkizun nagusia norabidea ezartzea da, baina baita tripulazioa gidatzea eta animatzea. Batelean, lau arraunlarik eta patroiak osatzen dute tripulazioa. Arraunlariak banako doaz tostan. Trainerillan, sei arraunlari eta patroia dira, tostan banaka jarrita.

Ibilbidea

Traineru estropadak 3 miliatako ibilbidean jokatzen dira (5.556 metro). Joan-etorri bakarrekoak, ziaboga bat, edo bi joan-etorrikoak, hiru ziaboga, izan daitezke. Traineru bakoitzak bere kalea du eta ezin du beste kale batean sartu arerioren bat oztopatzen badu. Trainerua itxaso barne aldera doanean 'brankaz' doala esaten da, eta kosta aldera doanean 'poparian'. Hau da, olatuek trainerua brankan jotzen duten edo popan jotzen duten kontuan izaten da.

Historia Traineru estropadak Kantauri itsaso osoan zehar jokatzen badira ere, garrantzitsuenak Euskal Herrian jokatzen direnak dira. Zalantzarik gabe, estropadarik garrantzitsuena Donostiako Kontxakoa da. Kontxako estropadak 1879 urtean ospatu ziren lehenengo aldiz. Irailaren lehen bi igandeetan ospatzen da, bi jardunalditan. Kanporaketa bidez hautatutako zortzi talde onenek parte hartzen dute. 3 miliako ibilbide klasikoan jokatzen da, baina ziaboga bakarrarekin. Estropada honek itsas zabalean haize, olatu eta korronteen aurka egiten ziren desafio zaharren tradizioa gordetzen du. Gaur egun, jendetza gerturatzen da estropada ikustera, eta telebistaz ere ikusle ugarik jarraitzen dute lehia garrantzitsu hau. Gehienetan irabazi duena Orioko trainerua izan da 30 banderarekin.