Sokatira

Herri Kirol honetan partaide taldeen arteko indar neurketa zuzena dago. Bi taldek parte hartzen dute deman, soka baten alde bietan jarrita, bakoitzak bere aldera tiratzen du. Lehiaren helburua adierazitako leku edo marka jakin batetik beste taldea pasaraztea da. JATORRIA

Sokatira ez dago argi non eta noiz jaio zen, baina herrialde askotan aurki genezazke sokatiraren antzinako aztarnak. Neolitiko garaian ehortze erritualetan praktikatzen omen zen. Historian lehenengo erreferentzia Egipton dugu, k.a. 2500. urtean; Mererukare faraioaren hilobiko grabatuetan sokatira praktikatzen ageri dira. Ondoren, Greziar olinpiadetan, k.a. 500. urtean, sokatira lehiaketak baziren.

Idatzizko aipamenik ez aurkitu arren, euskaldunen artean sokatira antzinatik praktikatu izan den ustea dago. Ditugun aztarnarik zaharrenak, mariñelen eguneroko zereginari loturik ditugu. "Sirga"tik tiraka uretatik lehorreratzen zituzten arrantzuntziak. Era berean balearen arrantza ere aipatu behar da. Zetazeoaren heriotza lortu ondoren, zatikatzeko beharrezkoa zen arrastaka lehorreratzea burutik eta isatsetik sokaz loturik.

Lanean hartutako sokari tiratzeko trebetasunari esker, euren artean lehiatzen hasi omen ziren. Oroitzapenek eta ahozko tradizioak diote, joan zen gizaldian, sokatira desafioak ohikoak zirela euskal auzoetan.

JOKOA

Lur gainean edo goma gainean izan daitezke lehiak. 8 lagunez osaturiko taldeak dira eta kirolari guztien pisuaren batura eginez modalitate ezberdinak osatzen dira. tiraldia hasi harretik pisatzen dira eta ezin dute gainditu araudiak ezrritako muga. Gizonezkoetan, taldeen pisuaren mailaketa, honako hau da: pisu arina 560 kg, pisu erdi-rina 600 kg, pisu ertaina 649 kg, pisu erdi-astuna 680 kg, pisu astuna 720 kg eta pisu mugarik gabea. Emakumezkoetan, pisu txikiagoak dira: 480, 520, eta 560 kilokoa handiena. Euskal taldeek mailarik onena txikienetan ematen dutela, bai goman eta baita lur gainean ere. Azken urte hauetan, Herri Kirol Federazio ezberdinek 4x4 (lau laguneko taldeak)Txapelketak ere bultzatu dituzte. Sokak luzeran 33,5 m izan behar ditu gutxienez, eta lodieran 10-12,5 cm arteko zirkunferentzia. Goma gainean aritzeko sokak bost marka ditu: erdian bat, eta erditik bi aldeetara beste bi, 2 metrora eta 2,5 metrora. Belar gainean aritzeko sokak ere bost marka ditu, baina erditik alboetara dauden markak 4 eta 5 metrotara daude. Kirolariek marka zuritik atzera tira behar dute.

Tiraldi irabazteko aurkako taldea arrastatu egin behar da. Talde baten soka zatian, erditik bere aldera dagoen markak (goman 2 metrora eta belar gainean 4 metrora) lurrean ipintzen den marka topatzen duenean, talde horrek tirada galtzen du.

Debekatuta dago soka gerrian lotzea edo sorbaldaren gainetik jartzea, amaieran dagoen gizonaren kasuan izan ezik. Sokari bi eskuekin heltzen zaio.

Talde bakoitzak bere kalearen barruan tiratu behar du, normalean bi metroko zabalerakoa, eta bertatik irteten dena deskalifikatu egingo dute.

Desafioak bi tiradetara egiten dira, eta tiraldi bakoitzean taldeek aldez aldatzen dute. Horrela aukerak parekatu nahi dira, alde bateko irregulartasunek, aldapak eta abar eragindako abantailak saihestuz. Berdinketak gertatzen badira, aurkaria herrestan eramateko erabilitako gutxienezko denborak erabakitzen du. Hainbat parte-hartzailetako lehiaketetan sailkapen-ligaxka jokatu ohi da, guztiak guztien aurka arituz.

HISTORIA

XIX. mendean, Europan "antolaturiko kirola" modura jarduten da sokatira. Gure aro honetako olinpiadetan hasieran, sokatira egitarauaren parte izan zen 1.900tik 1.920rarte. 1.920 urteaz geroztik egitarautik kendua izan zen.

Euskal Herrian idatzizko lehen aztarna 1915. urtekoa da. Donostiako Atotxa futbol zelaian ospatu zen sokatira lehiaketan Jolastokieta taldeak irabazi omen zuen.

Hirurogeita hamargarren hamarkada amaieran ezagutzen hasten da Nazioarteko sokatira. Aipatu behar da hamarkada horretan Mutrikuko taldea zela jaun eta jabe Euskal Herrian eta bera izan zen 1.972an Ingalaterrako taldea Euskal Herrira ekarri zuena lur-gaineko teknika erakusteko. Orduraino ez baitzen hemen lur gaineko teknika ezagutzen. 1.979an nazio mailan parte hartzen dute Aramaiok eta Mutrikuk, Euskadi (Espainia) ordezkatuz. Nuarbe 1.980an lehiatzen da lehen aldiz eta 83an Irlandan lortzen du klub mailan, 560 kilotan, urrezko domina eta 91an Suitzan nazio mailan. Gaur egun, sokatira talde ugari daude Euskal Herrian, eta batzuk maila onekoak, nazioarte mailan parte hartzen dutenak. Hala nola: Abadiño (Bizkaia), Amaiur (Nafarroa Garaia), Ñapurrak (Lapurdi) eta Sokarri (Bizkaia) Emakumezkoak: Badaiotz (Araba), Beti Gazte (Nafarroa Garaia), Sakana (Nafarroa Garaia), e.a.

SOKATIRA ARAUDIA