Aitzur jaurtiketa

Argazkia: www.noticiasdenavarra.com

Aitzur jaurtiketa, aitzur bat ahalik eta urrutien jaurtitzean datzan herri-kirol bat da. Kirol honen jatorria ere lan mundutik dator. Berez laneko jardun bat ez bada ere, nekazaritzako lanabes bat erabiltzen da. Beraz, nekazariak aisialdian dibertitzeko sortutako jokoa da. Nafarroako hegoaldean jokatzen da batez ere; Martzillan eta Fiteron, besteak beste. Erabiltzen den aitzurra, zainzuriak biltzeko erabili ohi dena da. Aitzur motz honek, 1,5 kg-ko pisua du. Kirtenak 70 cm ditu, eta burdinak 25 cm luzera. Herritarrak ‘rabiosa’ deitzen diote, berarekin lur-sailetan lan egiteak sortzen duen amorrua dela medio. Joko-zelaia ohikoena lur-sail bat izaten da, baina, lehiaketa ezagunena den Martzillakoan, gaztelu inguruko lubakian ospatzen da. Jokoa, aitzurra ahalik eta urrutien jaurtitzean datza. Jokalariak eremu biribil batetik atera gabe jaurti behar du. Indarra hartzeko, aitzurrari kirtenetik heldu, eta, gutxienez, bi bira bertikal eman behar dizkio jaurti aurretik.

Lehen aipatu bezala, txapelketarik ezagunena Martzillan, herriko jaietan, 1987tik ospatzen dena da.

Gizonezkoetan markarik hoberena Figaroleko (Nafarroa) David Miqueleizek, 1997an lortutakoa da, 37,60 metroko jaurtiketarekin. Kirolari hau, disko jaurtiketan Espainiako txapelduna izana da. Emakumezkoetan jaurtiketarik onena, Iruñako Laura Amezketak, 2011n lortutakoa da: 20,05 m.

Azken urte hauetan jokalaririk ezagunenetakoa Aizoaingo Javier Goñi Larrañeta da. Marcillako lehiaketa bi aldiz irabazi du eta hoberenen artean egoten da urtero.