Trontza
Trontza, trontza edo arpana izeneko zerra motarekin enbor bat moztean datzan herri kirola da. Modalitate honetan jarduten duen kirolariari trontzalari edo arpanlari deritzo. Beste herri kirol modalitateetan gertatzen den antzera, kirol hau basoko lanari lotuta dago, eta giro honetan egiten ziren desafio eta apustuetatik bilakatu zen plaza-kirola. Euskal Herrian zerra mota hau 1860an agertzen da lehen aldiz Iratiko basoetan. Enbor ebaketa asko erraztu zuen teknika berri honek, aurretik, lan hauek aizkoraz egiten ziren eta.
Jokoaren oinarria, trontza erabiliz, neurri zehatzetako enborrak ahalik eta lasterren ebakitzean datza. Bikoteka edo banaka jardun daiteke, baina ohikoena bi kirolari aritzea da. Enborra zutika edo etzanda egon daiteke, baina ohikoena etzanda egotea da. Ebaketen arteko distantzia 2,5 cm-takoa izan behar du gehienez. Mozketaren ondorioz lortutako egur xaflak osorik atera behar dira. Enborra etzanda kokatzeko ‘astoa’ deritzon plataforma batean eusten da, eta enborra lurretik 45-50 cm-ra egon behar du. Zutik dagoenean, berriz, lurraren eta ebaketaren azpiko aldearen arteko distantzia 40 cm izango da gutxienez eta 60 cm-koa gehienez. Enborrak, neurri ofizialen arabera neurri hauetakoak izan daitezke gerribueltari dagokionez: 36 ontza (0,835 m), 46 ontza (1,043 m), 54 ontza (1,252 m), 60 ontza (1,391 m), 72 ontza (1,669 m), 80 ontza (1,855 m), 108 ontza (2,504 m).
Gizonezkoek guztira 22 ebakidura egin behar dituzte, tamaina ezberdinetako enborretan, eta emakumezkoek berriz, 10. Lasterren ebakitzen duen bikotea da garailea.
Trontza altzairuzko lamina bat da, bere hortz zorrotzak alde batera eta bestera okertuta dituena. Ohikoena bikoteka aritzea denez, bi kirten ditu. Hasiera batean zerra arrunt baten hortzak zituen, mendi zerra baten antzera, eta Suedian, Italian eta Frantzian ekoizten ziren. Ondoren zerra amerikarrak eta australiarrak sartu ziren; hauek askoz astunagoak dira. Txapelketetan, egurraren gogortasunaren arabera trontza mota ere aldatu egiten da: egur gogorra denean hortzak txikiagoak dira eta elkarren arteko distantzia ere laburragoa da.
Teknikari dagokionez, lehenik eta behin, bikoteak elkar ongi hartu behar dute, erritmo berean lan eginez, elkar trabarik ez egiteko eta indarrak ongi aprobetxatzeko. Nafarroan bereziki zaletasun handia dago herri kirol honetan. Txapelketei dagokionez, Europa mailakoak 2001ean hasi ziren eta arrakasta handia izaten ari dira. Ipar Ameriketako Estatu Batuetan dute zaletasun handia eta bertan jokatzen dira Stihl Timbersports Series deritzon Nazioartekoak leihaketa ospetsua.