Ontzi eramatea
Ontzi eramatea, pertsona batek plaza batean ahal den distantzia luzeenean esku bakoitzean ontzi edo marmita bat eramatean datzan herri kirola da. Indar frogak da beraz. Indarra ez da bakarrik hatzetan zein besoetan eduki behar, hanketan eta zerbikaletan ere bai. Jokorako esne-ontziak erabiltzen direla kontuan izanda, ziurrenik, bere jatorria, marmitak garraiatzeko jardun edo zereginetik etorriko da. Batez ere, Iparraldean egiten den kirola. Ibilbidea 80 metroko laukizuzen bat izango da edo txingetarako erabiltzen den berdina, 28 metroko ibilbidea, plaza edo iltze izena jasotzen duena.
Ontzi bakoitzak 41 kilo izango ditu, eta 20 litroko bolumena.
Ez dago denbora mugarik eta ontziak ez du lurra ukitu behar, bestela epaileak amaitutzat ematen baitu saioa. Marmitak distantziarik luzeenean eramaten dituenak irabazten du. Jokalariak, besoak ongi luzatuta, zuzen eta tente joaten dira, oreka mantenduz, zama hobeto jasateko. Ontzi parea eskuetatik zintzilik egon beharko da beti, ezin izango da gorputzeko beste atalen batean sostengatu edo zangoen kontra eraman. Jokalariaren ekitaldiaren neurketa, lurra jo duen lehenengo ontziaren hasieran egingo da.
Kirolarien parte-hartze ordena zozketa bidez ezartzen da. "Prest" hitza esatean, partaidea lanean hasteko prestaturik egon beharko du, marmitak eskuetan dituela eta txilibitua jotzean, probari hasiera ematen zaio.
Partaideek nahi duten erritmoan aritu daitezke eta gelditzeko aukera ere badute, baina ontziak eskuetatik zintzilik dituztela. Iltzea edo plaza bat bukatzean, oin batekin gutxienez, azken zintako marra zapaldu behar du jokalariak.
Partaideek, eskuak garbi eduki behar dituzte, inongo produkturik erabili gabe. Iruzur eginez gero, parte-hartzailea kanporatua izango da.