Zaku eramatea
Zaku eramatea edo zaku lasterketa, kirolariak zakua bizkarrean duela ahalik eta lasterren distantzia jakin bat egitean datza. Herri kirol honen jatorria, uzta bilketa ondoren zekaleen garraio lanean egon daiteke. Baina litekeena da ere, Frantzia eta Espainiaren arteko mugetan hain ohikoa izan den kontrabando jardunean egotea. Produktuen garraio hau, mendiz egiten zen, eta kontrabandistek zakua bizkarrean hartuta igarotzen zuten muga. Batez ere, Iparraldean du tradizioa, eta Iparraldeko jokoen barnean sailkatu izan da. Banaka edo taldean izan daiteke lehia. Ibilbidea, kirolari bakoitzarentzat, 120 metrokoa izaten da lerro zuzenean. Hiru pertsonako taldeak badira, guztira 360 mero egin beharko dituzte. Normalean 30 metroko lau joan etorri egiten dira, baina 60ko bi plaza ere egiten dira batzuetan. Zakuak 80 kilo izan ohi ditu gizonen modalitatean eta 40 emakumeetan, eta artoz, gariz edo antzeko zerbaitez betea egoten da. Lehiaren hasieran zakua jasotzeko laguntza izatea onartua dago. Taldean ari direnean, zaku aldaketa lerroz kanpo egin behar da, eta beharrezkoa da teknika ona izatea aldaketa hau burutzeko. Ibilbidearen zehar zakua jausiz gero, taldeka ari direnean taldekidearen laguntza izan dezake zakua berriro bizkarreratzeko, baina banakako deman kirolariak bakarrik altxa beharko du zakua.
Talde ezberdinen kaleak markatuta egoten dira, eta kirolari bat bestearen kalean sartu eta hau desorekatuko balu, desbideratu dena deskalifikatua gelditzen da. Taldeka egiten diren txapelketetan, 360 m horiek egiteko, markarik onenak 1,10 -1,20 minutukoak izaten dira. Kirolariek potentzia handia izan behar dute 80 kiloko zakua bizkarrean dutela lasterka egiteko. Tente joatea komeni da eta erritmo erregularra eramatea. Unerik arriskutsuena plaza bat amaitzean, buelta eman eta hurrengo plazari ekitean izaten da. Buelta horretan, korrikaldiaren inertziaz, zakua jausteko aukerak egoten baitira.