Harri-jasotzea
Harri jasotzea harri bat lurretik hartu eta sorbaldaraino jasotzean oinarritzen den herri kirola da. Jasoaldia balizkotzat emateko harriaren beheko aldeak horizontaltasuna lortu behar du sorbaldan. Jarduera honetan dabilen kirolaria "harrijasotzailea" izena hartzen du.Harri-jasotzea gurean aski sustraitutako jarduera den arren, honen inguruko lehendabiziko berri historikoak XIX. mendearen bukaerakoak dira. Salbuespenak ere badira, izan ere, historia egileek artxibategietan jasotako zenbait daturen arabera, harriarekin egindako desafioak eta lehiaketak asko ziren XVI. mendean, eta, dirudienez, baita askoz lehenago ere.Herri kirol honen inguruko lehendabiziko aipamenak 1886an jaiotako Arteondo izeneko harri-jasotzaileari buruzkoak dira. Harri-jasotzaile hori izan zen harriak plazetara eraman zituen lehen gizona. Berarekin ezarri ziren harrien neurriak zein pisuak.
Harrien ezaugarriez
Gaur egun, harri-jasotzean bi harri ezberdin erabiltzen dira: irregularrak eta aldez aurretik landutakoak (erregularrak). Bi modalitate daude: harri txikiak eta harri handiak. Modalitate bakoitzean neurri ezberdinak daude.
Harrien formak direla eta, irregularrek zailtasun handiagoa ematen diete kirolariei.
Harri irregularren artean arrakastatsuena, 170 kilo pisatzen dituen Amezketako "Albizuriaundi" da. Euskarririk ez duenez, kirolariek trebezia handia izan behar dute harriari eusteko.
Bada besterik, hala nola, Azpeitiko "Pipia" (191 kilo), Igeldoko Harria (134 kilo) edo Aiako "Arrautz" (154 kilo).
Harri erregularrei dagokienean, forma ezberdinak daude: zilindrikoak, kubikoak, errektangeluarrak eta esferikoak. Lehen hiruren kasuan, harriak bi zulo edo helduleku, eta goiko aldean atzamarrentzat bi leku ditu bloke bertan eginak.
Harri laukizuzenen eta zilindrikoen altuera 55,66 zentimetrotik 74,21 zentimetrotarako tartean egongo da.
Forma edozein izanik ere, gehienak granitozkoak dira. Nolanahi ere, azken urteetan, berunezko harriak ere erabiltzen dira.
Bi modalitate daude:
Harri handien txapelketaModalitate honetan hurrengo harriak erabiltzen dira:Zilindroa: 175 edo 200 kilo
Errektangeluarra: 175 edo 200 kilo
Kuboa: 150 kilo
Biribila: 125 kilo
Harri txikien txapelketaHonako harri hauek erabiltzen dira:Zilindrikoa: 125 kilo
Errektangeluarra: 125 kilo
Kuboa: 113 kilo
Biribila: 100 kilo
Arauak: Jasotzen den harria lurrean egon behar da eta sorbaldaraino jaso.
Kilo gehien bizkarreratzen dituenak irabazten du.
Txapelketa garrantzitsuenak
Gaur egun ezagutzen dugun harri-jasotze probek, zerikusi gutxi dute orain urte asko ospatzen ziren apustu eta desafioekin. Egiteko moduaren aldetik, oinarriz, probak berdintsuak dira. Lehen, desafioak eta apustuak ziren harri-jasotzearen ardatz nagusia, eta egun, erakustaldiak eta txapelketak dira nagusi.
Denborak aurrera egin ahala, kirol honen inguruan egitura zehatza sortu da. Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzak bere txapelketa jokatzen du. Iparraldeari dagokionean, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko harri-jasotzaileak Iparraldeko txapelketan lehiatzen dira.
Gaur egungo harri-jasotzaileak
Zalantzarik gabe, Aimar Irigoien gaztea, Goenatxo, Zelai eta Izeta II.a dira gaur egungo harri-jasotzaile onenak. Iñaki Perurena eta Mieltxo Saralegi, gure harri-jasotzaile ezagunenek, berriz, erakustaldiak eskaintzen dituzte bakarrik.Badira beste hainbat harri-jasotzaile ere: Jesus Mari Iruretagoiena, Joseba Arizaga, Luis Mari Elusukorta, Jose Goikoetxea, Joseba Ostolaza, Betelu, Zelailuze, Carlos Atxa eta Isaak Martinez Gesaltzako Tigrea, besteak beste.
Perurena eta Saralegi bi harri-jasotzaile handiIñaki Perurena eta Mieltxo Saralegi harri-jasotzaileak dira harri jasotzaile garaikide handienak.Perurena, Leitzan jaio zen 1956an. Bera izan zen lehena 300 kiloko harria jasotzen; 267 kilokoa jaso du beso bakarrez. Bi eskuekin, berriz, 320 kilotan du marka. Perurenaren seme nagusiak aitaren lekukoa hartu du. Saralegi, Leitzarra dugu ere. 1968an jaio zen. 12 urterekin, 80 kiloko harria jaso zuen. Urte bat, beranduago, berriz, 100 kilokoa. Hortik aurrera, urtez urte, gora egin du. Errekorra 327 kilotan du.
Iñaki eta Inaxio Perurena, aita-semeak.
IKUSKIZUNAK:
XX. mendean, 11 harri-jasotzaile
1. Victor Zabala, "Arteondo", 1886an jaio zen Itziarren. Luze aritu zen harria jasotzen, 62 urte baitzituen azken erakustaldia eman zuenean.
2. Pedro Mari Txurruka, "Aritza". Mutrikun jaioa 1894an. Arteondo eta Aritzaren lehen desafioa 1925an egin zen Eibarren, 187,5 kiloko harriarekin. Aritza izan zen garaile 21 jasoaldiekin. Errebantxan, Arteondo izan zen garaile, 78 jasoaldiekin.
3. Jose Iraeta "Usuola" eta Ignacio Larrañaga "Etxezakorta". BiekAzkoitian jaio ziren 1907an. Biek 20. hamarkadako bukaeran protagonistak izan ziren.
4. Manuel Arakistain "Ziaran zar". 1934an, garai hartarako harrigarria izan zen errekorra ezarri zuen, 112,5 kiloko harri zilindrikoarekin 202 jasoaldi eginez.
5. Santos Iriarte "Errekartxeko". Azpeitian 1913an jaioa, 40. hamarkadako harri-jasotzaile ospetsuenetarikoa izan zen. Santosek, 14, 15 eta 16 arrobatako harri kubikoarekin jardun zuen nagusiki.
6. Luis Atxaga. Aian jaioa 1925an. Ezagun egin zen 1949an, Tolosan "Soarte"ren aurkako desafioan. Atxagak irabazi zuen, 100 kiloko harri zilindrikoa 54 aldiz jasoz.
7. Luis Lopetegi "Agerre I". 1927an jaioa, erakustaldi batean hil zen enbolia batek jota. Harri kubikoetan zein errektangeluarretan ez zuen parekorik.
8. Angel Albizu "Soarte". Itziarren jaioa, harri-jasotzaile handienetarikoa dugu. 1948tik 1968 bitartean, lehiaketa franko irabazi zituen.
9. Juan Ibarguren "Manterola". Soarteren dizipulua, 1959an Atxaga II.arekin Azpeitian jardundako desafioan 1988ra arte hautsi ez zen errekorra ezarri zuen Aiarrak: 152 kiloko zilindrikoarekin 82 jasoaldi.
10. Teodoro Irazusta "Usategieta". Harri-jasotzaile izateaz gain, arraunlari, segalari eta aizkolari izan zen. 8 eta 9 arrobatako harriekin nagusitu zen.
11. Jose Manuel Agirre "Endañeta". Deban, 1943an jaioa. Harri errektangeluarretan nahiz kubikoetan jardun zuen, 60 eta 70eko hamarkadan. Hain zen trebea harriekin non bere lehiakideei abantaila uzten zien.