Lasto altxatzea
Joko honetan lasto fardo bat altuera jakin batera ahalik eta gehienetan altxatu behar da, plataforma batean zintzilikatua dagoen polea baten laguntzaz. Jatorria baserriko lanetan duen herri kirola da hau ere. Belarra edo lasto fardoa baserriko mandiora eramateko lanarekin lotuta dago hain zuzen ere. Iparraldean sortua da eta bertan dago tradizio gehien. Herri-kirolen artean Iparraldeko jokoen multzoan sailkatzen da. Fardoak 45 kg izaten ditu mutilen lehiaketetan eta 30 nesketan. Polea, normalean, hiru hanka dituen metalezko egitura baten goiko aldean kokatuta egoten da. Mutilen kasuan sokak 7 metroko ibilbidea egiteko prestatzen da, horrek esan nahi du lurretik egituraren goiko aldera 7 metro inguru egongo direla; nesken modalitatean, sokaren ibilbidea 5 metrokoa izaten da. Sokak ere neurri jakin batzuk izan behar ditu: 30-35 milimetroko diametroa. Polearen kanpoko diametroa 30 cm-koa da eta barne diametroa 20 cm-koa. Kirolariak bi hankak lurrean dituela hasiko du froga eta lurrean dagoen lasto-fardoa altxako du goiko polearaino. Jasoaldia baliozkoa izan dadin, fardoaren goiko aldean sokak duen korapiloak polea ukitu behar du, eta gero behean lurra. Ondorengo jaso aldietan, fardoak beherantz doanean hartzen duen abiadura aprobetxatzen da, eta kirolariak indarra hartzen du gorantz egiteko. Frogak 2 minutuko iraupena izaten du. Bi minutu horietan altxaldi gehien ematen dizkionak irabazten du froga.
Soka eskuekin bakarrik heldu daiteke, inolako babesik gabe, eta eskuetan produkturik eman gabe.
Indarra, trebezia eta ausardia behar ditu kirolariak. Indarra, bi minututan 20 altxa aldi baino gehiago egiteko intentsitate handia eskatzen baitu. Trebezia eta ausardia, kirolaria saltoka ibiltzen baita lasto fardoaren igoeren eta jaitsieren inertzia aprobetxatuz, lau metroko altuerara igoz sokarekin batera, lasto fardoa jaisten den bitartean. Lehenengo jasoaldia da neketsuena, gero fardoa beherantz doan heinean partaideak indarra hartuz gorantz baitoa. Horrela, kirolariaren pisuaz baliatuz fardoa errazago altxatzen da. Eta horrela, erritmo bizian kirolaria gora eta behera jarduten da lasto fardoaren altxa aldiak egiten dituen bitartean.