Laia lasterketa
Laia lasterketa, hankak bi laien gainean dituztela, jokalariek distantzia jakin bat ahalik eta azkarren egitean datzan lasterketari deritzo. Aitzur jaurtiketan modura, lanerako lanabes bat, berezko erabileratik aldenduz, aisialdiko kirol baterako erabiltzen da. Berriro ere, herri kirolek lan munduarekin duten lotura nabarmena ikus dezakegu hemen. Laia nekazaritzan mekanizazioa baino lehen lurra iraultzeko erabili ohi zen tresna da. Metalezko bi ziri zorrotz luze ditu, bi hortzeko sarde bat modura, eta zirietako baten jarraipenean egurrezko kirten bat kokatzen da.
Nekazari bakoitzak laiak binaka erabili ohi zituen, esku bakoitzarekin laia banari helduta. Laiaren hortzak lurrean sartzen ziren, eta oinarekin sakatzen zitzaion sakonago sar zedin. Ondoren atzeraka bultzatzen zen, horrela lurra itzulbiratuz. Laia goldea baino erabilgarriagoa zen lurra sakonago irauli nahi zen lekuetan eta malda handia zeukaten soroetan. Bi laia mota erabili dira gehienbat Euskal Herrian. Batek, 70-80 zentimetroko luzerako hortzak ditu eta beraien artean bost bat zentimetro daude. Kirtenak luzeran 25 zentimetro izaten ditu. Beste lai mota, Burundatik Agoitzeraino, Erronkari aldean eta Aragoiraino, aurrekoak baino hortz edo hanka laburragoak ditu: hortzak 30-35 cm-ko luzera eta 15 cm-ko tartea dute, eta kirtena metro-erdi batekoa, gutxi gorabehera. Lasterketak egiteko azken hau erabiltzen da.
Laia lasterketan, kirolariak hanka bakoitza laia batean oinarritu, bi trikimakotan joango balitz bezala, eta ahal duen eta lasterren joan behar du aurkariei lasterketa irabazteko. Kirolariak oreka mantenduz ahalik eta azkarren joan behar du; azken batean, burdinazko lau puntaren gainean egin behar du lasterka eta. Sasoiko egotea ere eskatzen du, zeren lanabesak duen kirten motza dela medio, kirolariak gorputzaren jarrera aurrera makurtua eraman behar du, eta horrela pausoak azkar ematea ez da erraza.
Batez ere herriko jaietan antolatzen dira proba hauek, eta herri batetik bestera, egin beharreko distantzia aldatzen da. Ez dago arautua.
Gaur egun, batez ere, Nafarroako herri batzuetan, antolatzen dituzte laia lasterketak. Hala nola: Garesen, 1983. urtetik daramate herriko jaietan lasterketak antolatzen. Artaxonan, San Saturnino jaietan,1992tik jokatzen den laia lasterketa da. Beste herri batzuetan honelako ekitaldiak antolatzen badira ere, ez dago oso hedatua.