Abere-probak

Abere-probak oso ezagunak diren herri kirolak dira Euskal Herrian. Batez ere idi-probak dira ohikoenak, baina badira zaldi-probak, mando-probak eta asto-probak ere. Modalitate guzti hauetan jokoaren funtsa berbera da: harritzar bat arrastaka eramatea, plazaren alde batetik bestera. Hemen idi-probaren xehetasunak azalduko ditugu.

Idi-demak edo idi-probak herri kirol bat dira, non idi-pare batek 1.500 eta 4.500 kilogramo arteko harria plazan zehar alde batetik bestera mugitu behar duten. Idiak gidatzen dituenari, idi-probalari edo itzain deritzo.

Idi-demaren jatorria aspaldikoa da. Euskal baserritarrek lurra lantzeko, zaldiena edo mandoen indarra baino gehiago, behi-azienden trakzio indarra erabili izan dute. Harrobietako lanean, harritzarrak garraiatu behar zirenean, idiak ohikoak omen ziren. Herri-kiroletako beste diziplina batzuetan bezala, soro eta harrobietako lan hori zela eta, erronkak sortu ziren, eta idia animalia berezi bihurtu zen; jabeek gurtu egiten zuten, baserritarrek miretsi eta txalotu.

Idi-proben lehen aipamen idatzia Ignacio Iztueta historialari eta musikariaren Guipuzkoako

Condaira lanean dago (1847). Euskalerria aldizkarian, 1910ean, honako aipamen hau ere agertzen zaigu: «Gipuzkoako mendietako baserritar guztien artean ez zen hizketarako beste gairik. Idi-apustuek betetzen zuten gizon temati eta adar-jotzaile haien gogoa»

Demarako idia eta uztarria

Idi-probetan erabilitako idiaren pisua 500 eta 650 kilo artekoa izaten da lehiaketarako. Baina badira salbuespenak ere, Iturrinoren 1.450 kilo pisatu zituen idia edo "Kortaren" 1.380 kilokoa kasu. Bizkaian altuera txikiagokoa eta pisu gutxiagokoa erabili ohi da.

Garai batean demarako idiak baserrian lan egiten zuen, baina gaur egun, idiak lehiaketarako bakarrik gordetzen dira kortan.

Uztarriari dagokionez, Euskal Herrikoa adarrekoa da, hau da: garondoan jarri eta adarretan lotzen da. Ia beti bikoitza da, idi pare bat uztartzekoa alegia.

Harria

Harria errektangeluarra da, zertxobait estuagoa aurreko aldean, non zulo bat landua duen katearentzako. Pisua oso aldakorra da, 1.500 eta 4.000 kilo bitartekoa izan daiteke. Tolosako harriak 4.000 kilo pisatzen ditu, eta Gernika eta Mungiakoek 4.500 kilo. Berriatuako udal proba-tokian bada 5.250 kiloko bat, baina 1950etik ez dute erabili. Antzinako desafioetan oso harri handiak erabiltzen ziren. Gaur egungo lehiaketetan txikiagoak aukeratzen dituzte, jendeak plaza asko egitea nahiago duelako, distantzia luzeagoa egitea alegia. Horrela ikuskizuna handiagoa da.

Plaza

Plazak guztiz horizontala izan behar du, maldarik gabea. Harria harkoskor biribilez osatutako zoruaren gainetik eramaten dute herrestan. Hau harriaren eta zoruaren arteko marruskadura gutxitzeko da horrela. Badira galtzada harrizko plazak ere, baina jabeek ez dituzte gustukoak. Izan ere, idiak etengabe irristatzen dira apatxak ezin dituztelako ondo finkatu. Plazaren luzera aldatu egiten da herri bakoitzaren arabera. Distantzia 22 eta 28 metro bitartekoa izaten da, eta ‘plaza’, ‘iltzea’ edo ‘untza’ deritzo.

Idi-probaleku ezagunenetakoa Abadiñokoa da.

Akuilatzaileak

Akuilatzaileek laguntza eskaintzen diote idiari, edo pareari, beren ahaleginean. Akuiluaz edo metalezko punta zorrotza duen makilaz idia atzetik zirikatzen dute. Kopurua apustuan finkatutako baldintzen menpekoa da, edo araudiak adierazten duenaren menpekoa lehiaketetan.

Dema

Denbora jakin batean ahalik eta plaza gehien egitean datza idi-demaz. Garai batean idi-pare bakoitzak eginiko lanak bi orduko iraupena ere izan zezakeen. Geroztik asko laburtu da denbora eta ordu erdi da iraupen normala, baina apustuetan luzatu daiteke.

Itzainak eta akuilatzaileek idien esfortzua neurtu behar dute, hasieratik ahitu gabe. Harria plazaren erdian gelditzea ere saihestu behar da, hasierako abiaraztean esfortzua bikoizten baitu. Harriaren alde bertikaletako bat alboetako marretatik aterako balitz, “ustela” gertatuko litzateke. Hau gertatzen denean, probalariek atzera egin beharko dute, harria bere osotasunean atera den gunetik baino atzerago egon arte. Harria plazaren bukaeraraino iristen denean, plaza (iltzea) egin dutela ulertuko da, harriaren aurreko aldeak irteera gunearen beste aldean dagoen marka edo lerroa zapaltzen duenean bira eman eta hasierako puntura itzultzen dira.

Denbora-epea edozein izanda ere, proba bukaeran epaileak eginiko distantzia neurtuko du, plazetan, zintetan eta zentimetrotan. Harriaren aurreko aldean urrutien dagoen zatia kontuan hartuan hartuko da.

Idiak arrastaka eraman dezakeena bere pisuarekiko proportzionala denez, gainkargak egoten dira. Harriaren gainean jartzen diren areaz betetako zakuak dira eta animaliaren pisuaren arabera jartzen dira: idi-pare batek baimendutako gehienezko pisua gainditzen duenean (1.100 kilo inguru), mugatik gorako kilo bakoitzeko harriari kilo eta erdiko gainkarga jartzen zaio.