KOLDO ALIOJOSTES BORTDAGARAI

Webgune honen helburua euskal nortasuna duten eta herrian aspalditik sustraituta dauden kirol eta jokoen ezagutza zabaltzea da.

    Euskalduna lurralde hauetan antzinatik sustraituta dagoen herri bat da. Nortasun sendo bat duen komunitate bat da. Nortasun honen ezaugarri nabermenenak hizkuntza eta kultura dira, eta kultur ondare honen barnean kirol eta jokoen esparrua atal garrantzitsua da. Euskal Herriak duen ingurune fisiko gogorrean herritarrek izan dituzten jardunek, euskaldunen nortasunaren ezaugarri egin ditu indarra eta lehiakortasuna. Horregatik, joko eta kirol gehinetan indar eta erresistentzia handia izatea ezinbestekoa da. 

Euskal kirol eta jokoen barnen, euskal nortasun berezia duten kirol eta joko hauek bildu ditugu: pilota jokoa, estropadak, herri-kirolak eta beste kirol eta joko batzuk.

Euskal Pilota, gure kirolen artean gehien egiten denetakoa izango da (nazioartean ere ezaguna), eta  argi dago sustraia Euskal Herrian duela. Beraz, euskal kirolen artean aipamen berezia egitea ezinbestekoa da.

Estropaden kasuan, kantauri itsasoan sortutako kirol bat da, eta beste herri-kirolen modura, lan-jardun batetik sortua. Beraz, honi ere, leku berezia gordeko diogu.

Herri-kirolen esparru zabala garrantzitsua izan da gure herrian, eta  oso sutraitua dago landa nahiz kosta eremuetan. Herri honen izaera bereziak egunerokotasuna entretenimendu eta joko bihurtu izan du. Herri-kirolak Euskal Herrian, baserri giroan edota kostako arrantzale giroan, herritarrak antzinatik aritu izan diren kirol eta jokoei deitzen diogu. Hauetariko asko bertan sortuak dira, baina beste batzuek munduko hainbat lekutan ere tradizioa badute.

Gaur egun, kirol eta joko guzti hauek araututa daude, eta ohikoak dira lehiaketak. Berez, Herri Kirol Federazioak 18 herri-kirol ditu arautuak: aizkora proba, sega jokoa, harri jasotzea, sokatira, idi-proba, asto-proba, zaldi-proba, gizon proba, lasto altxatzea, lasto botatzea, lokotx biltzea, trontza, zaku eramatea, orga jokoa, ingude altxatzea, txinga eramatea, ontzi eramatea, harri zulaketa. Herri-kirolak aspalditk jokatu izan dira, baina lekuko idatziak urriak dira, herri xehea baserri eta arrantzale giroan aritzen baitzen. XX mendean hasten da egunkarietan oihartzuna izaten.

Baditugu beste kirol edo joko batzuk herrian ongi txertatuta daudenak, baina ohiko sailkapenetatik kanpo gelditzen direnak. Hala nola: ahari jokoa, artzain-txakur lehiaketak, palanka jaurtiketa, bolo jokoa, toka, e.a.